MALGUA DENBORA Poem by Harkaitz Cano

MALGUA DENBORA

Motelago doa denbora atzerriko hirietan;
horregatik ihesak, horregatik aire konpainia eskasak, horregatik jet laga
-edo ezustean liluratu zaituen usain ezatsegin hori-;
horregatik planoei buruzbehera begiratzeko joera.

Motelago doa denbora ezezagunen etxeetan;
horregatik hotelak, horregatik bisitak, itxaron-gelekiko gogo hori;
horregatik kaleko sirena hotsen abiadan anbulantziak su-hiltzaileetatik
bereizteko grina asegaitza.

Motelago doalako denbora gorputz arrotzetan;
horregatik zain egon beharra ekarriko duten maitaleen xerka;
horregatik zauriak, motelago doalako denbora zaurien gainean.

Mina eternitate faltsu baten promesa faltsua delako.

Esplorazio guztiak,
kepiak buruan edo hartza-larrua soinean egindakoak,
zaldiz, mendiz, airez edo itsasoz egindako espedizio guztiak,
heroikoak eta eguneroko ostera txikiak
-Scott, Shackleton, Duvoisin kapitaina-,
erlojua geratzeko,
denborari trabes egiteko ahalegin xaloak ote ziren?

Motelago baitoa denbora beti elurra apartatu edo
aihotzarekin oihanean sasia garbitzen zabiltzanean.

Bide ezagunetan, aldiz, azkarrago pasatzen dira orduak.

Hori da ordaina: galduta zaudenean doala motelen denbora.

Amildegian motelago lautadan baino.
Basoan motelago xenda seguruan baino.

Xendan dagoenak, basora begiratzen du beti, bertan laino.
Basoan nahi luke galdu denbora,
bera denboran ez galtzeko eta
denborak ez alferrik galtzeko bera, akaso.

Esanda doa:
inork ez du egundo denbora malgu hori errenditu.
Katedun erlojuetan katebegi huts gu,
basoan umeak egin eta basoan galtzen diren umeen
ipuinak egiten
jarraitzen dugu.

Motelago igarotzen delako denbora beti
bide ezezagunetatik goazenean.

COMMENTS OF THE POEM
READ THIS POEM IN OTHER LANGUAGES
Close
Error Success