ENE DIARIOAK ETA IZKIRIATURIK AURKITU DITUDANAK Poem by Harkaitz Cano

ENE DIARIOAK ETA IZKIRIATURIK AURKITU DITUDANAK

Rating: 0.5

Ogia, lagunak, ardoa. Hurrenkera horretan. Frankenstein doktoreak sortutako munstroak esaten dituen lehen hiru hitzak.

*

Hainbeste borroka, katramila, sesio; hainbeste literatura eta hainbeste harrokeria, azkenean, bueltan-bueltan gauza guztietan pentsalari greziarrei arrazoia emateko. Edo are okerrago dena: zure gurasoei.

*

Ume irlandar lealistak errana, handitzean zer izan nahi ote duen galdetu diotenean: "Preso ohia".

*

Felt, Arthur Millerrek sortutako pertsonaiak esana: "Aukeratu beharra dago: gizakia fidel izan dakioke bere buruari edo fidel izan dakieke gainerakoei. Gainerakoei fidel eta norbere buruari fidel izatea, hori ezinezkoa da".

*

Emazteak senarrari: "Gu biotako bat hilko balitz, ni Parisera joango nintzateke bizitzera". (Sigmund Freuden txisterik gustukoena)

*

Garraio publikoetan galdutako beste egun bat: zail egiten zait idazlea ala garai batean komertzio biajante esaten zitzaion hori ote naizen bereiztea gaur bezalako egunetan. Idazle hitza ere biajante hitza bezain sasoiz kanpokoa eta iraungia ote den susmoa gero eta errotuago nire baitan. Egin leku predikatzaile berriei.

*

Ez erortzea da eraikinen berezko joera (J.R. Amondarain).

*

Esperientzia da lortzen duzuna, nahi duzuna lortzen ez duzunean (Ratab Manzil).

*

Seme-alabak gerraren jarraipena dira, beste bitarteko batzuekin.

*

Xake-taulan falta den piezarik garrantzitsuena: bufoia.

*

Zure fedea meharra eta hauskorra dela diozu. Baina zer fede ez da mehar eta hauskor? Mehar eta hauskor ez den fedeari beste izen bat eman behar genioke: xalotasuna, ameskeria, diziplina.
*

Jainkoak inkontzienteei laguntzen die. Tamalez, haiek ez dira enteratzen.

COMMENTS OF THE POEM
READ THIS POEM IN OTHER LANGUAGES
Close
Error Success