TELEFONOZ DEITZEN DIODAN JENDEA Poem by Harkaitz Cano

TELEFONOZ DEITZEN DIODAN JENDEA

Badago garai batean asko maitatu eta orain
urtebetetze egunean soilik deitzen diozun jendea.
Lan kontuak haizatu eta mesede eske deitzen diozuna.
Fakultateko inozoren bat, zure frakasoaren tenperatura berritzeko
hots egiten dizuna: "ni ez, baina bera… inoiz ez".
Badago emazteak utzi zaituenean soilik deitzen diozun jendea
(senarrak utzi duenean soilik deitzen dizuna, bestalde).
Badago gertuago balego hainbeste deituko ez zeniokeenik.
Badago kontu hartzeko deitzen diozun jendea,
kargu hartzeko hots egiten dizuna.
Badago lau urtean behin deitu arren, masailez masail
eta arimaz arima izpiritua epeldu eta zurekin dagoela
sentiarazten dizun jendea.
Badaude basamortuko ispilukeria diren deiak,
komertzial zapuztuak; le interesaría si, le ha tocado un.
Badago jendea, "deituko diat nik berehala".
beti norbait garrantzitsuagoa duena beste adarrean,
-eta gero ez du deitzen-.
Badago jendea, hari whisky bat ez ordaintzeagatik deitu
eta azkenean deia tragoa bera baino garestiago ordainarazten dizuna.
Badago deitu ezin diozun jendea, haserre dagoelako zurekin,
edo kartzelan, edo zutaz ahaztuta, edo hilik; faena bat.
Badago zurekin hitz egiten duen bitartean
sudurzuloa haztatzen duela gehiegi nabaritzen zaionik.
Badago jendea sekula telefonorik hartu ez
baina beti hor dagoena txirrin-hotsak zenbatzen gela ilunean,
-edo, xanpaina kopa eskuan,
mahats ale bana irensten txirrin-hots bakoitzeko-.
Badago jendea ez dizuna deitzen,
badakielako beste norbaitek hartuko duela agian;
badago jendea geratzeko deitzen dizuna
eta badago bere geratzeko modua
telefonoz mintzatzea bera dena.
Badago hilaren hamahiruan deitzen dizuna beti,
malenkonia esoteriko apur batez, beharbada.
Dakizuna berresteko deitzen diozuna.
Kontra egin diezazun deitzen diozuna.
Edo markatzen hasi eta bere telefonoaren azken zenbakia
jada inoiz gogoan ez duzuna.

Eta gero dago, zu bezala,
oso bakanetan deitzen diodan jendea:
adibidez su-eten bat eman, edo apurtu,
edota elurra ari duenean kanpoan,
esateko: "eta orain zer?",
edo, "elurra ari din hor ere?",
eta zuk: "bai, ari dik".

COMMENTS OF THE POEM
READ THIS POEM IN OTHER LANGUAGES
Close
Error Success