KIMIOTERAPIA Poem by Harkaitz Cano

KIMIOTERAPIA

Ospitale bat baino deprimenteagoa
guza bakarra dago
eta ez da hilerri bat
baizik eta ospitalera doan linea erregularreko
autobus bat jendez betea.
Jende hori nork bere radiografia besapean duela
sobre batean begirada ez zu eta ez ni
ikustera ailega ez gaitezkeen putzu sakon batean
galdurik
hunkigarria da kimioterapia eman dioten
sei urteko haurraren sehaska irribarrea
agureak radiografiak leihoko argitara lerratzen
«begira: horko puntu zuri hori da» aldarrikatuz
alegera
eta batez ere bi emakume horiek hizketan
Nine Inch Nails zure walkmaneko musikari gailenduz
atzoko malkoaren amildegia gainditu nahi duten
hitzak entzutea
«ikusiko duzu», esaten diot nik nire senarrari
«ikusiko duzu gurpildun aulkia ekartzen dugunean
ze paseo emango ditugun biok
Korrekaminos eta Koiotea deituko digute, Ismael».
Korrekaminos eta Koiotea
zirrara bat sentitzen dut hori entzutean
eta gero paralisia ezker eskura edo eskuinekora
hedatu zaion zehaztuko du emakume adoretsuak.
Bakoitzak bere radiografia besapean
bere minbizi kuota bere
abandonua bere kristalezko
begia edo bere 96 graduko gibela
hori hunkigarria ez bada
intzinera gaitzatela haizea aizkora bihurtu arte
gure arnasaren zain dago Ismael
imajina dezakegu oraindik
pertsona baina denbora gutxirako agian Ismael
xakera jolasten hankak estaltzen dizkion
manta eskoziarraren gainean
batzuetan hasperen eta beste batzuetan irribarre
egiten duen bitartean pertsona oraindik Ismael
biziduna ezen ez marrazki
«Korrekaminos eta Koiote, argi ibili
ikusiko duzue
gurpildun aulkia ekartzen digutenean».

COMMENTS OF THE POEM
READ THIS POEM IN OTHER LANGUAGES
Close
Error Success